XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta berau betetzeko izaki ororen odola edan ohi genuela esan zioten.

Zein irain ikaragarri eta jasangaitz! Gu, Airatan Lehen Aitaren semeok, lur hauetako fruitu sustraituok, honenbesteraino irainduak! Anborren suak kiskalduko al ditu su mingarritan!

Negu honetararte, Atan Erregek borrokarako gose guztiak estali baditu ere, guda! esan zuten aztiek, guda! esan genuen denok eta guda! esan zuen azkenean Erregek.

Elurrak urtu artean gezi, aizkora, lantza eta sastagaien zorrozten ihardun dugu, baina gainezka dira ibaiak eta gailur gorenek bakarrik diraute zuri.

Heldu da ordua.

Gudarako puztuta dugu bularra Airatanian jaiotako guztiok, jakin baitakigu Atan Erregek gidaturiko ejerzitok ez dezakeela gudarik gal, hobe bailitzateke borrokako aizkorakadak edo geziak emandako heriotzea, hildako ohore eta anaiengatik negarretan lotsaren lotsaz hiltzea baino.

Zazpi udaberri atzera ikusi ahal izan nuen lehenbizikotz Glodinoien lur eta herria.

Artaldeak txikitu zizkigun hartzama baten ondoren hamar egun generaman oihanetan eta muino handi batetara igotzean, han urrutira, Glodinoien herriko lehen harresien geriza ikus zitekeen ostertzean.

Beltzune ikaragarria zen garien horian.

Urrun egonagatik bertaregi zirudien bihozkabeen herriak.

Hartzaren ehiza bertan utzi eta ez ginen haruntzago joaten ausartu.

Zenbat emango nukeen hango harresiak suntsitzearren! Zenbat, Glodinoien kimurik tipiena ere hilda ikusteagatik!